Praktikaldia gertu genuen eta IKT-n proposaturiko lanaren inguruan hizketan genbiltzan; zer egin, zer ez egin eta abar. Gauza bat argi geneukan, geure proiektua kontzientziazioarekin lotura zuzenekoa izan behar zen, uste baitugu geure gizartean kontzientziazio falta izugarria dagoela. Gainera, garai haietan, praktikaldia begi bistan genuen egun horietan, artefaktua lehenengo forma abstraktua hartzen ari zen. Buru belarri geunden gaiarekin eta pentsatu genuen interesgarria zela artefaktua IKT-ko esperientziarekin lotzea, beraz, komunikazio-inkomunikazioaren gaia kontzientziazioaren bidez lantzea genuen helburu.
Hasiera batean, IKT-en erabilera sustatzeko esperientzia bat prestatu genuen, ipuinak osatzearekin loturik zegoena. Baina, ideia hau martxan jartzen hasi ginenean, pentsatu genuen hori ez zegoela kontzientziazioarekin loturik, eta beste talde guztiek edo gehienek behintzat, teknologien sustapenarekin loturiko esperientziak antolatu zituztela. Hau ikusirik, konturatu ginen, teknologien erabileraren inguruko esperientzia bat abiarazi behar genuela, baina ez teknologia hauek erabiltzen ikasteko, baizik eta ezaguna den erabilera modu egoki edo neurtuan erabili ahal izateko; hau da, umeak, teknologiak erabiltzean, erabilera honen jakitun izan daitezen. Uste baitugu, gaur egun, biztanle orok teknologiak erabiltzen dituela, baina teknologia hauen erabileraren jakitun izatea erabilera bera baina garrantzitsuagoa dela.
Esperientziaren nondik norakoak azaldu aurretik, garrantzitsua iruditzen zaigu kontzientziazioaren kontzeptua azaltzea. Denok dakigu, bizi garen gizarte moderno honetan, teknologia berriak izugarrizko abiaduraz txertatu direla geure egunerokotasunean. Gaur egun, teknologia hauek erabiltzen ez dakiena, ez ohikotzat dugu, arrarotzat ez esate arren. Baina, uste dugu, erabiltzen ez dituena baina egoera larriagoan dagoela gehiegi eta modu okerrean erabiltzen dituena, eta pertsona hau ez du inork arrarotzat hartuko. Honen arrazoia honakoa da: gizartean, teknologia berri hauek txertatzearekin batera, inertzia batzuk sortu dira. Inertzia hauek teknologia hauen erabilerarekin loturik daude; gizarteak “behartu” egiten gaitu inertzia hauek jarraitzera, eta inertzia hauen aurkako indarrak sustatu ezean, inertziok gehiegizko erabileretara eramango gaituzte modu zuzen eta bizkor batean. Gure lagun onena pantaila bat bihurtuko da, eta geure bikotea arratoia izango da, geure eskua honi loturik biziko baita.
Hau dela eta, ezinbestekoa deritzogu inertzia hauen aurkako kontzientziazioa. Uste dugu IKT-en erabilera oso aberasgarria izatera irits daitekeela, baina beti ere, aurretik aipaturiko inertzia horietatik zeozer hartu eta burua erabiliz teknologia hauen erabilera ulertuaz. Hortaz, oso garrantzitsua iruditu zitzaigun Lehen Hezkuntzan hau lantzea, pertsonak haurtzarotik jabetu behar baitira inertzia hauez, errealitatea ulertzeko txikitatik errealitatearekin kontaktuan egon behar gara.
Guk, Lehen Hezkuntzako lehen praktikaldian, honako esperientzia proposatu genien ikasleei: aste betez, egunerokotasunean erabiltzen zituzten teknologia berrien inguruko hausnarketa egin ondoren, soilik beharrezkoak diren teknologia berriak erabiltzen saiatzea; modu honetan, konturatuko ziren, egunerokotasunean erabiltzen zituzten teknologia berri edo gailu ugari ez direla uste bezain ezinbestekoak, eta hauek gabe zoriontsu izatea posible dela, menpekotasuna alde batera utzita.
Egia da bai, geure esperientziaren bidez, ez dela IKT-en erabilera sustatzen, ez dutela teknologia berrien erabilera ezezagunik ikasten. Baina, pentsatzen dugu, erabilera berriak ikasi ahal izateko, lehenik eta behin jada ezagunak ditugunon erabilera egokiak ziurtatu behar direla.
Esperientzia oso argi genuen arren, praktikaldia hastearekin batera, geure ilusioak zapuztu zirela ikusi genuen. Taldekide gehienok lehenengo ziklora bideratu gintuzten, eta lehenengo zikloan, ulergarria den bezala, ikasleek ez dute oraindik teknologia berri hauekin kontaktu gehiegirik, eta duten kontaktu urria kentzea gelako giroa asaldatzeko arrazoitzat hartu genuen, oraindik gazteegiak izan daitezke eta erabileraren kontuaz jabetzeko. Gainera, esperientzia modu egokian aurrera eraman zezakeen taldekide bakarra, oso gela konfliktiboan egon zen praktiketan, eta esperientzia aurrera eramaten saiatu zen arren, ez zuen emaitza zuzenik lortu, praktikaldia oso motza zen heinean, ikasgelan irakasleak beste arazo batzuei lehentasuna eman zien eta.
Hala ere, konklusio gisara, esperientzia geletan aurrera eramatea lortu ez dugun arren, esan behar dugu guk geuk asko ikasi dugula proiektua aurrera eramaten saiatzen. Ez dugu lortu umeak kontzientziatzea, kimera gisara geratu da, baina geure buruetan sekulako kontzientziazioa eman delakoan gaude. Oso aberasgarria sortatu zaigu proiektu hau.
Joxeba Arostegi, Gorka Andres, Omar Armendaritz, Peru Aiartza eta Iker Amas.